ES

Familia-ingurunea eskolaurre-ingurunera egokitzea

Oso ohikoa da neska-mutilek zailtasunak izatea familiaz kanpoko ingurune berri baten baldintza eta eskakizunetara egokitzeko, are gehiago eurentzat ingurune ezezaguna bada. Loreka Haur Eskolan oso ongi dakigu aldaketa horiek barneratzen lagunduko dien hainbat faktore badirela, bereziki beste haurrekin harremanak lantzen ikasiz eta ingurune berrian segurtasuna emanez.

Haurtxoak eskolaurreko hezkuntzara egokitzean izaten den arazo nagusienetako bat ikastetxeek metodologia emozionalik ez izatea da. Egokitzapen-aldi honetan kontziente izan behar dugu haurra bere bizitzako aldaketa sakonetako bat burutzen ari dela, eta frustrazioak, ondoezak, eta segurtasun ezak ekiditeko, ikastetxea toki segurutzat jo behar du hasiera-hasieratik.

Eskolaurreko egokitzapen-prozesua eraginkorragoa egiten duten faktore garrantzitsuenetako bat afektu eta konfiantza sentimenduetan datza. Haurrak hezitzaileen aldetik balore horiek antzematen baditu, seguruago sentituko da eta probableagoa izango da bere harremantzeko gaitasuna, espresibitatea, kontzentrazioa, eta azken batean segurtasuna eta autoestimua hobetzea.

Seguru sentitu ahal izateko, zainduko dituen helduarekiko lotura afektiboa sortu behar da, eta denbora hartu behar da lotura hori eraiki ahal izateko. Oso garrantzizkoa da gurasoekin elkarlanean jardutea haurrak konfiantza hori, oinarri hori, eskuratzen ari den bitartean. Horregatik, egokitze-aldi moduan ezagutzen dugun horri lotura-aldi izendatzea gustatzen zaigu.

Testuinguru horretan, Loreka Haur Eskolako hezitzaileok kasu bakoitza aztertzen dugu, haur bakoitzaren izaera behatzen dugu, haurrak dituen benetako beharrak jakin eta horietara egokitu ahal izateko, seguru senti daitezen eta ikastetxea euren etxearen luzapen moduan ikus dezaten.

Arrazoi hori medio, haurren eskolaurre-ingurunerako egokitzapenean funtsezko beste faktore bat haur-eskolaren eta familien arteko harremanarena da. Haurrak seguru sentiarazteko, familiak ere seguru sentitu behar du. Eta, horretarako, beharrezkoa da aldi horretako denbora partekatzea, familiaren eta ikastetxearen artean lotura sortu nahi bada.

Loreka Haur Eskolan hori oso argi dugu: ikastetxearen barruko ekintzetan gurasoek haurrekin batera parte hartzen badute, haurrek ingurune hori toki seguru eta familiartzat joko dute.

Aldaketa horren alde egiten ditugun ekarpenen artean daude gurasoen sartu-irteera informalak, hau da, ikasgelan sartu ahal izango dute hezitzaileekin eta euren seme-alabarekin jardutera, edota familientzat antolatzen ditugun tailerretan parte hartzera.

Haurrei segurtasun handiagoa ematen die gurasoak ondoan edukitzeak, eta hezitzaileekin batera jarduten dutela eta harremana badutela ikusiz gero, konfiantza nahikoa ematen die gero gurasoak ez daudenean autonomia handiagoa izan dezaten.

Familiekin hartu-emanik ez badago, neskato edo mutikoa ingurune berrian zaurgarriago eta zalantzatiago sentitzea ohikoagoa izaten da. Hori guztiagatik, Loreka Haur Eskolarentzat gurasoekin harreman garden eta hurbilekoa eratzeak ikastetxe berrian haurraren egokitzapena errazten du.

Berriak